gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
2024ko abenduak 3, asteartea
Lizardi
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > LIZARDI
XABIER LIZARDIREN BIOGRAFIA


Jose Mari Agirre Egaña Zarautzen jaio zen 1896an. Haurtzaroa bertan igaro bazuen ere, ia bizitza osoa Tolosan eman zuen. Izan ere, aitaren lanbidea zela medio, familia osoa Tolosara aldatu baitzen, berak hamar urte inguru zituela. Bertako Eskolapioen ikastetxean burutu zituen batxilergo ikasketak.

1913an, hamazazpi urte zituela, aita hil zitzaion, eta ondorioz, lanean hasi behar izan zuen, sei ania-arrebetan zaharrena zenez. Halere, txikitandik abogadutza ikasteko asmoari eutsi zion, eta, ikasle libre gisa, Zuzenbide ikasketak burutu zituen Madrileko Unibertsitate Zentralean, 1917rako titulua eskuratua zuelarik.

Tolosako Bankuan izan zuen lehenbiziko lanpostua, laguntzaile gisa; baina, 1923an Tolosako Perot enpresako gerente lanpostua eskaini zioten, eta sare metalikoak egiten zituen enpresa honetan ihardun zuen lanean, hil zen arte.

1923an, lanpostu berriaren segurtasunari esker, Zarautzeko egonaldietan ezagutua zuen Pakita Izagirrerekin,ezkondu zen, eta, elkarren maitasunaren fruitu, lau seme-alaba izan zituzten.

Lizardiren Familia

1923an, lanpostu berriaren segurtasunari esker, Zarautzeko egonaldietan ezagutua zuen Pakita Izagirrerekin ezkondu zen, eta, elkarren maitasunaren fruitu, lau seme-alaba izan zituzten.

1933an, garai hartan sendaezina zen gaitz batez hil zen, gazterik, 36 urte zituela.

1923an Primo de Riveraren diktaturak Euskal herrian puri-purian zeuden mugimendu abertzaleak isilarazi zituen; baina, 1927an, dictablanda deitu zen boladan, suspertu ziren asmo abertzaleak, Euskaltzaleak elkartearen sorreran mamitu zirelarik Arrasaten 1927an. Garai horretan eman zuen ezagutzera Jose Maria Agirrek bere luma Xabier Lizardi ezizenez, eta Euskaltzaleak elkartearen eraketa prozesuan burutu zuen gidaritza garrantzi handikoa izan zen. 1928-1930 bitartean elkartearen lehendakari izan zen, eta elkartearen garai horretako aktibitatearen lerro nagusiak zedarritu zituen: Euskal Egunkaria, Kirikiño Saria, Aur Egunak, Ikastolak, Errenteriako Olerti Eguna...

Aktibitate kulturalarekin batera, politikaren arloan ere konprometitu zen, EAJren Gipuzko Buru Batzarreko idazkari kargua izan zuen, 1932ko lehen Aberri Eguna eta Lizarrako Estatutuaren garaian.

Xabier Lizardik literatur genero ezberdinak landu zituen: olerkigintza, antzerkia eta kazetarigintza. Baina horien artean literaturaren arloan ospe gehiena erakarri diona olerkigintza izan da, zalantzarik gabe, kritikoek ahobatez aitortu baitute haren obra poetikoa euskal lirika modernoaren gailurtzat.

Obra poetiko horren fruiturik hoberenak Biotz-begietan (1932) liburuan bildu zituen, eta bera hil ondoren, Euskaltzaleak elkarteak Umezurtz Olerkiak argitaratu zuen, lehen liburuaz geroztik eginiko olerkiak bilduz.

Umezurtz

Lizardiren olerkietako gaien tematika, izadia, bizia eta heriotza, aberria, euskara eta euskal tradizioaren ingurukoa da. Estiloari dagokionez, berriz, hizkera trinko eta dotoreak karakterizatzen du, bere modernotasunagatik eta originaltasunagatik nabarmendu zelarik garaikoen artean.

Antzerki lanen artean, hiru obra ezagutzen dira argitaraturik. Laño ta izar izenekoa haur ipuin baten eszenaratze poetikoa da. Bigarrena, Bi aizpak frantsesezko komedia baten euskarazko moldaketa da. Hirugarrena, berriz, Ezkondu ezin zitekeen mutilla, gizarte ohituren kritika eginez, bere bizitzako zenbait gorabeheratan oinarrituriko ohitura komedia da.

Kazetaritza izan zen, berez, bere izen literarioa guztiz ezaguna bilakatu zuen generoa; izan ere, kulturaren arloan, literaturgintzan edo politikaren arloan burutu zuen aktibitate nekaezinaren adierazbide zuzenenak izan baitziren egunkarietako artikulu ugariak.

1927tik 1933rarteko ehundik gora artikuluren artean hautapena eginez, Itz-Lauz liburua argitaratu zuen Euskaltzaleak elkarteak 1934ean. Liburu honi esker eta berrikiago argitaraturiko bilduma osoagoen bidez ezagutu daiteke euskaraz eta erdaraz idatzi zituen artikuluetako tematika zabala, euskal egunkaria, ikastolak, euskal kultura eta literatura, polemikak eta kritika literarioak...

Lizardiren kazetari lanen estiloaren dotorezia, zuzentasuna eta ironia azpimarratu izan dira. Lizardiren prosan errejistro ongi perfilatuak nabari daitezke. Bere nahiaren arabera zekien moldatzen, batzuetan, jasoa, kultua, dotorea zen prosa, eta bestetan, aldiz, eguneroko hizkuntza mintzatuaren indar espresiboa zuen hizkera arina, zuzena eta gihartsua.

LOURDES OTAEGI

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net